Emandako pausoen laburpena

Aupa ekipo!!

Android Euskaraz egitasmo hau nondik datorren jakiteko, eman diren pausoen laburpena egingo dugu. Helburu nagusia Android sistema eragilea denontzat euskeraz egotea da eta egitasmo honekin egiten diren gauza guztiak argi eta garbi azaltzeari garrantzi handia ematen diogu.

Android sistema eragilea era ofizialean euskararik gabe dator eta dagoeneko katalana adibidez badago. Gure ikuspuntutik euskaraz ere egon beharko luke, eta hori lortzeko egin  behar dena jakin nahi genuen. Horretarako, katalanekin hitz egin genuen zer egin zuten jakiteko. Katalanek itzulpena Google-era bidali beharko genukela esan ziguten. Itzulpena Google-en era ofizialean sartzea lortzen bada, gero mugikor fabrikatzaileen esku geratzen da beraien mugikorretan hizkuntza bat gehitzea ala ez.

Google-ekin harremanetan jartzea lortzen dugu, Google-ek ez du era ofizialean euskara sartzea aurreikusten, baina itzulpena bidaltzen bada onartu dezaketela esaten digute. Zenbait hizkuntza itzultzea ez zaio interesatzen, erabiltzaile kopuruaren estimazioaren arabera seguruenik, baina euskaraz nahi badugu gure itzulpena bidaltzeko ateak irekitzen dizkigute.

Eusko Jaurlaritzak Android euskaratu behar duela ikusten dugu eta arduradunarekin harremanetan jartzen saiatzen gara. Ez digu ezer esaten.

Bestalde, Samsung eta Sony-Ericsson mugikorrek euskarazko itzulpena ateratzen dute, baina gainontzeko mugikorretan sartzeko asmorik gabe. Beraiek egindako itzulpena lortzen saiatzen gara, gero Google-en era ofizialean sartzeko asmoarekin, itzulpena eginda dago eta bererabiltzea gauzak arinduko lituzke. Ez dugu itzulpena eskuratzea lortzen.

Android euskaratzeko prozesua hastea pentsatzen dugu eta horretarako erabili daitezken tresnen analisia egiten dugu. Librezale-k euskarazko itzulpenak egiteko daukan zerbitzaria erabiltzea proposatzen da, baina itzulpenetarako erabiltzen duten sistema ez da Android itzultzeko aproposena. Horregatik, eta probak egiteko, Glotpress zerbitzaria jartzen da XML fitxategiak era egokian itzultzeko. Balio duela ikusten da.

Azkenik, Android euskaraz nahi dugunez, eta era ofizialean egongo denik konfirmatzen ez digutenez, ekimen hau aurrera eramatea erabakitzen da.

Android euskaraz nahi dugun guztien artean itzultzen badugu eta Google-era igotzeko eman behar diren pauso guztiak ematen baditugu, Android euskaraz ofizialki izateko aukerak dauzkagu. Itzulpena gehitzea Google-en esku geratuko da, baina ezin dugu besterik egin. ROM-ak atera daitezke eta aterako dira, baina erabiltzaile gehienek ez dugu uste ROM-ak instalatzen ibiliko direnik, errazagoa izan beharko luke.

Android etengabe eguneratzen ari da eta string berriak ateratzen dira bertsioen eguneraketetan. Itzulpenen eguneraketa hauek ere kudeatu beharko dira eta itzulpen berriak igo. Hori auzolanean egiten badugu errazagoa izango dela pentsatzen dugu.

Emango diren pauso guztiak blog-ean jartzea eta jendeak prozesua ze puntutan dagoen jakitea oso garrantzitsua dela uste dugu.

 Android euskaraz egotea lortu behar da! Parte hartzera animatu!!