Itzuli dugu azkenean!

Kaixo Androide!!

Bai, ederki kostata baina lortu dugu azkenean! Bukatu ditugu itzulpenak! Hainbeste buelta eta denbora ostean ia urtebeteko lana izan da. Baina lan nekeza amaitu dela esan dezakegu. Hemendik aurrera, gure sareko itzulpen tresnak detektatu dituen errore batzuk (gehienbat estetikazko erroreak) zuzendu eta itzulpen hauek Googleen eskuetan jartzeari ekingo diogu.

Hasierako bertsio hau ez da perfektua izango, hori badakigu. Akatsak, ulertzeko zailtxoak diren terminoak… aurkituko ditugu. Beraz, behin lehen bertsioa martxan denean “beta tester” delakoak edukitzea ezinbestekoa izango zaigu. Hau da, lehen bertsio hau probatu eta beraien iritzia emango dutenak. Guztiarekin ezingo gara ados jarri baina azken erabiltzailearen esperientzia jakitea garrantzitsua izango da.

Gogoratu, itzuli dugun bertsioa dagoeneko zaharkitua dagoela: 4.1.1 bertsioa da alegia. Eta dagoeneko 4.3 bertsioa ere eskuragarri dago. Beraz, behin oinarri hau hartuta, hurrengo bertsioak ere itzultzeari ekin beharko diogu segidan.

Besterik gabe, hemendik aurrerako bidean ere alboan izango zaituztegulakoan, mila esker guztioi!!